Ni ez naiz sorgina

Suak errerik, keak gorderik

Dokumental hau ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta bidegabeki ehizatu izan ziren orduko haien memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes.

Dokumentalari buruz

Euskal Herriko sorgin-ehiza amaitu denean, prozesu judizialetan usu agertzen den ahapaldia, zera hau: Ni ez naiz sorgina. Batzuetan, gehikuntza hauekin ere bai: … Eta ez naiz inoiz izan, edo … Eta ez dakit nola egiten den sorgin bat, edo … Oinazetik libratzearren deklaratu nuen neure buruaren eta gainerakoen aurka.

Iruñeko apezpikuak baieztatu zuen: Bertako zaharrenek ere ez dakite zer den sorgin izatea, ez eta zer gauza den akelarrea ere. Mende osoko jazarpen eta erreketa masiboen ondoren. Nola ote?

Bidaia egin dugu lau mende atzera, arbasoek bizi izan zuten tragedia gureganaino ekartzera.

Sorgin-ehizaren prozesu historikoa aztertua izan baita antropologiatik, feminismotik, hizkuntzalaritzatik, literaturatik, esoterismotik, arte ederretatik… Alta, interpretazio horiek guztiek hutsune nabarmenak dauzkate, leku komunez beterik daude, nahasten dituztela mistika zaharrak eta berriak, eta, bereziki, falta dute ikuspegi integral eta koherentea. Horregatik abiatu ginen hipotesi sinesgarri baten bila, bai nazioarteko adituengana, bai eta kaltetuak izan ziren eskualdeetako herritarrengana ere. Eta, urteetako ikerketaren ondoren, erran dezakegu lan hipotesi berritzailea dakargula orduko prozesu historikoaz.

Dibulgazio-lana dugu helburu. Modu pedagogikoan azaltzea prozesu historiko konplexu hura, bai eta hark gurean utzi duen arrastoa ere. Honekin guztiarekin, zalantzan jarri nahi dugu iritsi zaigun kontakizuna, bai eta gogoeta eragin ere gurean hain indartsu diren ospakizunen inguruan: akelarreak, sorgin-erreketak eta beste.

Ekintzarako inspiratzaile diren lekukotasunak bildu ditugu (Zugarramurdi, Anotzibar, Bidankoze, Ataun, Senpere), ikuskera berria hobetzen lagunduko digutelakoan.

ASISKO URMENETA

Ikerketa, gidoigintza eta zuzendaritza

HERRIMA kultur elkartea

Produkzio kordinatzailea

AITOR KARASATORRE

Argazki-zuzendaria eta editorea


Denda

Dokumental hau ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta bidegabeki ehizatu izan ziren orduko haien memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes.

Datu teknikoak