Ni ez naiz sorgina

Suak errerik, keak gorderik

Dokumental hau ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta bidegabeki ehizatu izan ziren orduko haien memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes.

Dokumentalari buruz

Sorgin-ehizari buruzko narratiba deseraikitzea

Ideia nagusia


Duela 500 urte gertatu zen Auritzen lehen exekuzio kolektiboa sorginkeriagatik: Nafarroan aurkitu berria zen sekta satanikoa, eta kondenatuei zigor eredugarria ezarri zitzaien: urkamendian akabatu ondoren gorpua erretzea. Sarraski hark hasiera eman zion mende oso bat iraun zuen jazarpenari, non milaka pertsona akusatu eta bidegabeki kondenatu zituzten.

Zer ezkutatzen zaigu ke lodi horren atzean?
Guztion artean saiatuko gara prozesu historiko ilun hura argitzen.

Sinopsi laburra


Gure lan-hipotesia da sekta satanikoa europar elite intelektualaren eraikuntza artifizial bat izan zela, auzitegi laiko zein erlijiosoetatik ateratako ingeniaritza juridiko hutsa: sorginkeria demoniakoa ez zen “herria izutzeko koartada” baino izan (Francisco Peña, Manual de los Inquisidores, 1578), “herri gaiztoa, zeina behar bezala mendekatu baitu berorrek” (Jean Espagnet-en sonetoa Pierre De Lancre-ri, Tableau de l ‘inconstance”, 1612).

Makineria eraginkor horrek komunitate-espiritua birrindu egin zuen, herri-lidergorako aukera guztiak eragotzi, presentzia ikusezinaren politika eta beldurraren pedagogia inposatu zituen: inor ez zen akusatua izatetik libratzen, eta, era berean, edonork salatu zezakeen, isilpean…

Eta hasi bezain brauki, giza ehizaldia Isiltasun Ediktuarekin amaitu zen, Inkisizio Gorenaren Kontseiluaren maisulan harekin.

Dekretu sekretu horretan bizi izan gara azken 400 urteetan…Oraintsu artekoan.

Sorgin-ehizak gehien zigortu zituen eskualdeetan, jazarpen latz hari buruzko narratibaren berrirakurketa bat gertatzen ari da oraintxe bertan. Mendiko eskualde horiek isildutako egia transmititzen duten mezuak gorde dituzte, antzinako mitoetan enkriptatuta.

Aurkikuntza-bide honetan lagundu, eta ahotsa eman nahi dugu, tokiko aktibisten eta nazioarteko adituen laguntzaz, eta guztien artean ustekabeko ondorioak plazaratuko ditugu. Era berean, bidegabekeriaren orbana konpontzen, saiatzen ari gara; Zugarramurdiko plazan jarritako ikono iraingarria kentzen lagundu dugu, Senperen errepresaliatuen izen ona berreskuratzeko prozesuan parte hartu, edota Anotzibarren sorgina barik inkisidorea erretzen den antzezpena iruditan hartu dugu.

Bisualki ere, gure proposamena berritzailea da. Bidaia honen narrazioak irudikapen historikoak eta marraztutako irudiak uztartuko ditu, kontakizunei bizia emateko. Teknika horri esker, kaltetutako pertsonen testigantzekin konektatu ahal izango dugu, indarturik gertatuko baitira nazioarteko adituen tesiekin (Natalia Silva Prada, William Monter, Sophie Houdard…).

Zein irudi daukagu sorginaz? Zer transmititzen diegu belaunaldi berriei ipuinetan, plazetan eta ospakizunetan? Irudi hori, errealitate historikora hurbiltzen ote da? Justizia egiten al die bidegabeki ehizatu, zigortu eta ahaztutako milaka pertsonei? Imajina dezakegua beste irudikapen, zintzoagorik?

Praktikan jarriko al dugu?

Argitu ditzagun pertsekuzioaren plegu sekretuak, akusatzaile anonimoarengandik hasi, eta geopolitikaren diseinu goreneetaraino.
Ahotsa eman diogu isilarazitako jendeari, eta lapurtutako duintasuna itzultzen saiatzen ari gatzaizkio, ezarritako damnatio memoriae hautsiz. Memoria historikoaren aldeko mugimendu biziarekin bat egiten dugu.

Gure proiektua zuzendurik dago espezializatu ez den publiko zabalari, eta historian bereziki interesatu ez denari, baina bat egiten duena egia ukatuaren bilaketarekin.

Ikerketa, gidoia eta zuzendaritza

Asisko Urmeneta

Kamera, drona, edizioa eta post-produkzioa

Aitor Karasatorre

Koprodukzioa

Asisko & Karasa & Herrima+Erroa Argitaletxea

Produkzio-koordinatzailea

Eneko Gallartzagoitia

Sare sozialak

Adriana Urmeneta

Soinua eta edizio-azterketa

Etxegorri


Egin ekarpena

Dokumental hau ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta bidegabeki ehizatu izan ziren orduko haien memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes.

Datu teknikoak